XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Formazko berdintasunak jatorrizko textuari begiratzen dio eta hura hitzez hitz itzultzeari; horretarako erregela sinplea eta zehatza erabiltzen du: ahal dela, aditza aditzez itzuli behar da, izena izenez, adjetiboa adjetiboz, izenordea izenordez, genitiboa genitiboz, e. a.; esaldiak jatorrizko hizkuntzan diren bezala gorde behar dira itzulpenean ere; hiztegiaren berdintasunari eutsi behar zaio, baita hitzak adiera figuratuan erabiliak daudenean ere; esaerak eta modismoak ere hitzez hitz itzuli behar dira eta ez esanahiari begira...

Hitz gutxitan esateko, itzulpen-sistema honek jatorrizko textuari begiratzen dio, eta bere helburu guztia textu hori hizkuntza berri batetan ahalik berdinena ematen saiatzea da, jatorrizko formak erabat errespetatuz.

Itzulpen-teknika berriak, ordea, irakurleari begiratzen dio, eta textu bat jatorrizko hizkuntzan irakurtzeko gauza ez denari hurbildu egiten dio irakurlearen hizkuntzara.

Baina aldaketa hau egiterakoan, begien aurrean duen helburua hau da: textu hura gaurko irakurleari (edo-ta entzuleari) ulergarri ematea, jatorrizko irakurlearentzat ulergarri izan zitekeen neurri berean, eta gaurko irakurlearengan sentipen eta jarrera berdintsuak sortzea.

Horrela, gaiari ematen zaio lehentasuna, formari baino gehiago.

Hala behar izanez gero edo hizkuntzaren joerak hala eskatzen duenean, era honetako itzultzaileak ez du eragozpenik izango aditza izenez itzultzeko, adjetiboa adberbio bihurtzeko, eta alderantziz; ez du kezkarik izango esaldi bat bitan edo hirutan zatitzeko, eta beharrezko diren zehaztasun berriak sartzeko; arretaz bereiziko ditu hitz beraren adiera desberdinak; esaerak edo-ta atsotitzak ez ditu hitzez hitz itzuliko, esanahiaren arauera baizik; ongi bereiziko ditu literatur motak: prosa eta poesia, kontaera soila eta irakaspena, profeta-hitza, parabola, aholkua, hitzaldia, adore-hitza, esaera zaharra, e.a.

Itzulpen-sistema bat edo beste hartzen denaren arauera, hemen teori mailan esaten dena bi itzulpen-mota desberdinetan mamitzen da.

Orain arteko euskal itzulpenak guztiak ez bada ere gehienak behintzat formazko berdintasunaren bidetik eginak izan dira, nahiz eta teoria hori estu-estu eta azken ondorioetaraino eraman izan ez.

Euskal Elizbarruti arteko Itun Berriaren itzulpen honetan, ordea, batez ere azken aldian eta gehiago, itzulpenaren berdintasun dinamikoaren bideari jarraitu nahi izan diogu.

Itzulpen-sistema hauen artean dagoen aldea ikusteko, adibide batzuk emango ditugu eta horien bidez azterketa-modu bat egingo dugu Itun Berriaren euskal itzulpen desberdinak elkarren parean jarriz.

1. Izen abstraktoaren itzulpena: Hizkuntzak maila desberdinak izan ohi ditu: ba da hizkuntza teknikoa eta goi-mailakoa, eta ba da elkarrizketa-mailako hizkuntza errazagoa.